MANIFESTUA

Urte bete baino gehiago da jadanik Ezker Abertzaleak Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari irtenbidea eman nahian prozesu demokratikoa abiatzeko apustua egin zuela. Azken urteetan bizi izan dugun blokeo egoerarekin amaitu eta aurrerapauso sendoak eman dira.

Horrek guztiak, gure nazioa indarrez zapaltzen duten estatu espainol zein frantsesa urduri jarri ditu; jakin badakite herri baten aldaketa motorra gazteria dela, eta horregatik, Estatuek gure kontrako ofentsiba bortitza martxan jarri zuten. Herri aske eta justuago baten alde diharduen gazteria kikilduz, Euskal Herriaren etorkizuna den gazteriaren desaktibazioa bilatu dute.

2007ko urtarrilean Jarrai-Haika-Segi terrorista izendatu zituztenetik 223 gazte atxilotu eta hauetatik 141 espetxeratu dituzte. Tartean gure eskualdea, Oarsoaldea, ere jo-puntuan hartu zuten. 2008ko apirilean Oiartzun, Orereta eta Lezoko etxeetan bortizki sartu eta 22 gazte atxilotzen saiatu ziren. Horietatik batzuek sarekadatik alde egitea lortu bazuten ere, beste batzuek zoritxarrez bost eguneko inkomunikazioa eta torturak ezagutu zituzten. Ezin ahaztu ordutik gertatu diren gazteon kontrako makro-sarekadak.

Erasoak eraso, Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoan berresten gara. Oztopoak oztopo, ez gaude prest gure jardun politikoa isiltzeko. Gure Herriaren etorkizuna aldatzen jarraituko dugu; eguneroko borrokaz amesten dugun Euskal Estatu Sozialista eraikitzen ari baikara. Baina horretarako, tortura eta tratu txarrak ahalbidetzen dituen inkomunikazioaren abolizioa eta baita zerrenda beltzen desagerpena ere exijitzen dugu. Ezinbestekoa da gazteon eskubide eta jarduera politikoa bermatuko dituzten minimo batzuk eskuratzea.

Minimo horien aldarrikapenen harira dator Gazte1+Ez! dinamika. Ez dugu onartuko gazte bat gehiagoren kontrako inolako jazarpenik. Horregatik, gure eskualdetik erabateko babesa ematen diogu egunotan Donostian burutzen ari den itxialdiari.



Gora euskal gazteria!