domingo, 12 de febrero de 2012

Palestinatik bidalitako elkartasuna


Palestinatik ere heldu zaizkigu elkartasun argazkiak, harresi guztien gainetik Herri harresia eraikitzera.
Argazkiekin batera hitz hauek utzi dizkigute.







Balata errefuxiatu gunetik bidali dizkigute argazkiak. Balata, Nablus ondoan dago. Berezia da errefuxiatu gune hau. 1950ean hasi ziren errefuxiatuak bertara iristen eta, hasiera batean behin-behineko camping dendatan bizi baziren ere, errefuxiatuen arazoa konpontzen ez zenez, etxe arruntak eraikitzen hasi ziren. Urte asko pasa dira eta gaur egun, kilometro karratu baten barruan 25.000 pertsona bizi dira. Berez Palestinako errefuxiatu gunerik txikiena da tamainaz, baina populatuena dentsitatez. Errefuxiatu gune guztietan dituzten arazo berak jasaten dituzte: ura kentzen diete, eskubide zibilik ez dute, haurrek eskolaratzeko arazoak dituzte, atxiloketak, langabezia, pobrezia... eta, gainera, dentsitatearen arazoa gehitu behar zaio. Literalki, ez dute lekurik bizitzeko. Ulertzekoa da, orduan, Palestinan izan diren bi intifadek hasiera Balatan izatea, edozein gertaerak indar gehiago hartzen duelako horrelako baldintzatan bizitzeak.

Egoera latz honen barruan kaltetuenetakoak haurrak dira, beti. Haurrek ez dute lekurik jolasteko, ez dute aukerarik ikasi eta beraien kultur eta heziketa garapenak aurrera eramateko. Hori dela eta sortu zuten Yafa Cultural Center errefuxiatu gunearen barruan. Beste talde askok emakume, langabetu...ekin lan egiten duten bezala, Yafakoek haurrekin lan egiten dute. Yafa kultur, hezkuntza eta afektibotasunerako lekua da. Haurrek jolasteko eta haur izateko aukera izateko leku bat da, beraien sen artistiko eta kulturalak garatzeko tokiaYafan saiatzen dira palestinarrek euren lurrarekin eta euren historiarekin harremana ez galtzen, beraien hizkuntza arabiera bultzatzen, israeldarren okupazioak ekartzen duen identitate galera ekidin eta beraiena indartzen, elkartasuna bultzatzen, informatika eta atzerriko hizkuntzen klaseak antolatzen, haur eta emakumeentzat laguntza psikologikoa eta drama-terapia egiten (artearen bidez sufrimendua arintzen laguntzeko), etabar luze bat (informazio gehiago nahi duenak hemen begira dezake: http://www.yafacult.ps/eng/).

Bertatik bidali dizkigute elkartasun argazki hauek beraz, haiek ere, hemen bezala, askotan jasaten dituztelako haur eta gazteen aurkako sarekadak, eta beraien eskubideak egunero daudelako zapalduak. Haur eta gazteak atxilotzerakoan, beraien heziketa prozesuak eteten dituzte estrategikoki (atxiloketaren ondoren haur askok ez baitute jarraitzen ikasten, askotan atxiloketak berak utzi dien traumagatik); beldurra sartzen diete (hortik aurrerako edozein motatako protestak kontrolatuak izateko); eta, orokorrean, identitate palestinarrarekin amaitu eta okupazioarekin jarraitzeko helburua besterik ez dute. Beraz, antzekotasunik badugu guk ere Oarsoaldean eta hori dela eta erakutsi nahi izan digute beraien elkartasuna. Yafa Cultural Centerren aurrera egiten dute haur eta gazteen etorkizun hobe baten izenean. Egin dezagun bat elkartasuna elkarri adieraziz!

Mila esker Yafa!!
Shokran Balata!!





No hay comentarios:

Publicar un comentario