Hemen dituzue bi erakunde hauen oharrak:
Ikasle Abertzaleak-en oharra:
Euskal Herriak urteetan zehar luzatu den gatazka politikoa pairatzen du, baita egun ere. Eta gatazka horretan euskal gazteria izan da errepresio mota ezberdinak etengabean pairatu dituena. Etengabeak izan dira herri honetako gazteok jasan ditugun ilegalizazioak, jarraipenak, mehatxuak, bahiketak, atxiloketak, torturak, espetxeratzeak…Ezkerreko ikasle feminista eta abertzaleok ere bete betean izan ditugu gure eskubide zibil eta politikoak urratuak. Gazte mugimendua kriminalizatzea helburu zuen politika errepresiboak ere kaltetu gaitu. Horren adibide dira sarekada ezberdinetan atxilotu, torturatu eta espetxeratutako IAko kideak, heziguneetan pairatzen ditugun oinarrizko eskubide demokratikoen urraketa, unibertsitateetan areagotu den kontrol sozial itogarria edota bestelako unibertsitate eredu bat aldarrikatzeagatik datorren hilaren 23an epaituak izanen diren 13 ikasleren kontrako epaiketa bera.
Zentzu honetan, Ikasle Abertzaleak antolakundeak, errepresioa jasan eta eskubide zibil eta politikoak urratuak dituen gazte orori elkartasuna adierazi nahi dio, modu berezitu batean, espetxeratuak izateko arriskuan dauden Oreretako 5 gazteei.
Honela bada, Euskal Herria konponbide bidean kokatu dezagun eta herritar ororen oinarrizko eskubideak errespeta daitezen, ELEAKek deituta, datorren larunbatean Donostiako Boulevard-etik 12:30ean abiatuko den manifestaziora joateko deia luzatzen diogu euskal ikasleria guztiari.
Askapenaren oharra:
Gure mugetatik kanpo begiratzea aski da
ikusteko gatazka politiko baten konponbideak, honen ondorio diren
presoen parte hartze aktiboa behar duela. Haiek gabe ez dago
konponbiderik. Are gutxiago gazte belaunaldi berriak espetxean sartzen
baldin badituzte. Eta noski, ongi baino hobeto dakite hori helburu gisa
gatazka betikotzea dutenek. Hori da, adibidez, Kolonbiako Gobernuak
itsu-itsu historikoki mantendu duen jarrera, nahiz eta azken aldian bere
jokamoldea aldatu duela dirudien. Bide beretik, ez dugu zalantzarik
berandu baino lehen Espainiako Gobernuak ere bere jarrera aldatu egin
beharko duela.
Badira ia ireki ezinak diruditen ateak eta
Euskal Herrian bizi dugun egoera blokeatu nahi duten politikari-polizien
ateak, horietakoak dira. Hauen ustez, gure presoen ziegetako ateak ongi
itxita mantenduz eta espetxeetako zerrenda luzea gazte berriekin are
luzeago bihurtuz, herri honek behar duen konponbideari atea ixten diote.
Eta egia da, ate horiek herdoilez beterik daude, herdoil gehiegiz. Ate
horiek behin betikoz irekitzeko bultzada indartsu bat ezinbestekoa
izango da, denbora gehiegi daramatelako itxita, eta bultzada hori denon
artean eman beharko dugu, bakea eta justizia nahi dugun guztion artean.
Askapenak itxita nahi dituzten ate horiek
parez-pare ireki nahi ditu. Horregatik, Oarsoaldeko gazteek eta, nola ez
epaiketaren zain edo espetxean sartzeko arriskuan diren Donostialdeko
gazte guztiek, gure etxeko ateak irekita dituzte. Horregatik, gu ere
Donostiako kaleetan izango gara datorren urtarrilaren 19an “Euskal
gazteria libre eta legala” lau haizeetara oihukatzeko.
Gora Euskal gazteria!
Gora Euskal Herria internazionalista!
http://topatu.info/euskal-gazteriaren-aldeko-manifestazioarekin-bat-egin-du-askapenak/
http://topatu.info/euskal-gazteriaren-aldeko-manifestazioarekin-bat-egin-du-askapenak/
No hay comentarios:
Publicar un comentario