domingo, 3 de febrero de 2013

Martxa jendetsua Martutenen hiru gazteen espetxeratzea eta bi gazteen egoera salatzeko


Atzo, otsailak 2, Oarsoaldeko gazteek martxa jendetsua burutu zuten Martutenera. Bertan ordubete egon ziren barruan aurkitzen diren Arkaitz Anza, Maitane Linazasoro eta Xabier Lujanbio gazteei haien elkartasuna adieraziz. Hona hemen antolatzaileek egindako adierazpenak eta prentsan ateratako loturak.
"Dagoeneko jakina denez, pasa den urtarrilaren 19an Arkaitz Anza, Xabier Lujanbio eta Maitane Linazasoro gazteak atxilotuak izan ziren prozesu luze baten ostean. 2008tik hona gazte hauek hamaika egoera bizi behar izan dituzte: atxiloketak, inkomunikazioa, torturak, epaiketa, itxaronaldi luzeak… haien egunerokotasuna guztiz baldintzatuz.
Haien jardun politikoan jarraitzeko asmoz eta lan hori legezkoa izan beharko lukeela defendatuz ezkutatu ziren hiru gazteak; eta guk ere, haiek egindako lana zilegi dela dakigulako, emandako pausuak goraipatzen ditugu. 19ko manifestazioan haien burua aurkeztu ondoren atxilotuak izan ziren herritarron babespean. Egun hemen Martutenen ikus dezakegun espetxean aurkitzen dira nahiz eta ez dakigun zein izango den haien hurrengo geltokia.
Hala ere, hiru gazte hauekin batera beste bi gazte espetxera sartzeko zain daude oraindik. Aitor Franko eta Jon Aitor Alberdi gazteek dagoeneko jaso dute haien burua aurkezteko epea ezartzen dien gutuna: otsailaren 13a hain zuzen ere. SEGI-ko kide izatea egotzita, haien askatasuna lapurtuko diete.
Tamalez Oreretan bizi duguna ez da egoera isolatu bat. Honekin batera aipatzekoak dira Ekaitz Ibero donostiarraren kasua, datorren astelehenean bere burua aurkeztu behar duena, epaitzear dauden Burlatako gazteak, datorren 13an sententzia jasotzen duten Donostiako gazteak edota duela bi aste Bilboko EHU-n Bolognaren aurkako mobilizazioan parte hartzeagatik epaitutako 13 ikasleak.
Kasu hauek guztiak Euskal gazteriak bizi duen zapalkuntzaren adibide gutxi batzuk besterik ez dira. Ehundaka dira lan politikoan jarduteagatik errepresio bera jasan duten eta oraindik ere jasaten ari diren gazteak.
Estatu espainiar eta frantziarrek argi utzi dute mendeku gosez elikaturiko haien jarrera zapaltzailea. Gazte mugimenduaren indarraz jabetuta, behin eta berriz kolpatzen gaituzte, baina entzun dezatela: ezin izan duzue, ezin duzue eta ezin izango duzue! Gurekin jai duzue! Gazte indarrak metatuz, amesten dugun herria eraikitzen jarraituko dugu. Gazteon arazo, nahi eta beharrak asetuko dituen herria marraztuz eta eskubide zibil eta politikoen aitortzarekin koloreztatuz.
Zuekin gaude gazteak!!
Gora euskal gazteria!!
Azkenik aipatzeko, datozen egunetan prentsan irakurketa ezberdinak aterako dira eragile ezberdinek lotuta eta otsailaren 12an arratsaldeko 20:00tan herriko plazatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatzen dizuegu"
Loturak:
Bideoa:

No hay comentarios:

Publicar un comentario