sábado, 23 de julio de 2011

milaka herritarrek osatutako harresiaren babesa jaso dute oarsoaldeko gazteek

 
2007an Jarrai-Haika-Segi terrorista izendatu zutenetik 223 gazte izan dira atxilotuak Euskal Herrian.
   Oarsoaldean, gure eskualdearen kasuan, 2008an sufritu genuen Espainiako Estatuaren atzaparrak. Urte hartako apirilaren 18an, 10 gazte izan ginen atxilotuak; eta, ondorengo egun eta asteetan, beste 12 atxilotzen saiatu ziren, aurreko 10ak inkomunikatuta egotearen ondorio zuzena izan zena. Izan ere,  inkomunikatu gintuzten gazte guztiok tratu txarrak pairatu eta salatu baikenituen.
   Haatik, euskal gazte konprometituen aurkako gurutzada horretan, gurea katebegi bat baino ez zen izan; aurretik dozenaka atxilotu egon ziren, gure aurkako operazioaren ondotik ere beste dozenaka gazte atxilotu eta torturatu zituzten bezala. Eta gauza bera gertatzen ari da epaiketekin. Gu, Oarsoaldeko 17 gazte, epaitzen hasi dira egunotan; baina aurretik Markinako edota Donostiako dozenaka gazte epaitu zituzten, eta gure ondotik epaiketa gehiago egingo dituzte; Iruñeko hainbat gazteren kontra, esaterako.
  Baina, egunotako epaiketan argi geratu den bezala, tortura da euskal gazteak zigortzeko, kriminalizatzeko eta espetxeratzeko tresna bakarra. Juridikoki, gure aurkako akusazio eta frogak baliogabetu ditugu epaiketan. Baina jakin badakigu, akusazio guztiak indargabetuta ere, epaiketa eta ondorengo epaia politikoak direla; gure konpromisoa zigortzea helburu dutenak, horretarako soilik torturapean egindako autoinkulpazioak balia baditzakete ere.
   Izan ere, eta maíz adierazi dugun moduan, atxiloketa, tortura, jazarpen, zerrenda beltz eta espetxearen bidez gazteon borrokarako nahia ezabatu eta ixilarazi nahi dituzte. Guk herri hau aldatu nahi dugu, eta grina hori da kolpatu eta birrindu nahi dutena.
   Eta hau guztia jada nahiko larria bada, are larriagoa da  ematen ari den garai eta kontestu politikoan. Une honetan, Euskal Herrian prozesu demokratikoa martxan jarri nahi den honetan, era honetako operazio eta auziek ez dute lekurik. Aurrera egin nahi du herriak, ez iraganean gelditu. Batu eta bildu, eta ez sakabanatu. Kartzelak hustu, eta ez betetzen jarraitu. Euskal Herrian bakea eraiki, eta ez gerran bizitzera kondenatu. Zuri-beltzezko garaietatik koloretako etorkizuna margotu nahi dugu, non ideia eta proiektu politiko guztiak izango diren defendagarri eta gauzagarri.
Horregatik, denon eskuak beharrezkoak diren sasoi hauetan, argi adierazi nahi dugu gazteok ez dugula onartuko gure militantzia politikoaren aurkako eraso bat gehiago. Ez dugu nahi, eta ez dugu onartuko, gazte bakar bat gehiago ere jazartzea, atxilotzea, torturatzea, epaitzea eta espetxeratzea. Ozen oihuka dezagun: gazte bat gehiago ez!
Amaitzeko, bihotz-bihotzez, eskerrak eman nahi ditugu. Eskerrak, bai, gaur hemen bildu zareten guztioi; eta eskerrak, bai, azken asteotako ekimenetan nahiz azken hiru urteetan babesa eta elkartasuna adierazi diguzuen guztioi.
  Bihotz-bihotzez, halaber, besarkada handi bana Oihana, Urbe eta Zabalari, une honetan preso dituztenak. Eta bidali nahi ditugun azken bi musu potoloek, azkenik,  gaindi ditzatela sasi eta muga guztiak! Gurekin zaudete, gurekin zaituztegu.


http://www.gara.net/paperezkoa/20110723/280795/es/De-Oiartzun-Errenteria-favor-una-juventud-vasca-libre-legal

No hay comentarios:

Publicar un comentario