jueves, 21 de julio de 2011

epaiketaren3.saioa


Oarsoaldeko 17 gazteren kontrako epaiketak hirugarren eguna izan du gaur, asteazkena, uztailaren 20an, polizien deklarazioekin. Denera, 14 polizik deklaratu dute: 4k goizean, eta beste hamarrek arratsaldean. Eta guztiek ukatu dute auzipetuak torturatuak izan zirenik edota tratu txarrik pairatu zutenik.
   Arratsaldeko saioan, hain zuzen, tentsio uneak bizi izan dira, auzipetuetako batzuek atxilotu zituzten poliziak berriro aurrez aurre ikustean eta, bereziki, polizien beraien ahotik entzutean ez zituztela jo, kolpatu edota inolako  tratu txarrik eragin. Xabier Lujanbio auzipetuak, esaterako, urduritasunari ezin eutsi eta “torturatzaile” deitu dio bere atxiloketan parte hartu zuen polizia bati. Izan ere, eta asteleheneko saioan Lujanbiok berak nabarmendu zuenez, polizia hauxe izan zen, atxiloketa eta inkomunikazio aldian, sufritu zituen torturetan gehien nabarmendu zena. “Torturatzaile bat zara! Ez duzu ausardiarik orain niri begiratzeko begietara!”, oihukatu dio Lujanbiok poliziari.
Oihu asko entzun dira,tartean, “toturador”, tienes las manos manchadas de sangre…
   Lujanbiok berak aretoa utzi behar izan du, antsietate krisiak jota. Lasaitzean, aretora itzuli ahal izan da.
   Beste bi auzipetuk ere une batez aretotik atera ahal izateko eskaera egin diote Gomez Bermúdez epaileari, haiek ere ondoezik eta urduri jartzean atxilotu zituzten polizietako batzuk ezagutu ondoren.
   Bestalde, goizeko saioan, orain hiru urte Gipuzkoan Espainiako Poliziaren Inteligentzia burua zenak bi datu adierazgarri eman ditu. Batetik, aitortu du gaur egun Poliziak ez duela datu edo froga objektiborik gazte asanbladak Segik “instrumentalizatuak edo erabiliak” direla esan ahal izateko; eta bestetik, eta ildo beretik, gaur egun Poliziak ezin duela frogatu Gazte Topagunea delakoa Segiren ekimena denik.
   Epaiketak datorren asteazkenean izango du segida, uztailaren 27an alegia, 10:00etatik aurrera, auzipetuen lekukoen testigantzekin. Egun berean, halaber, beste bi polizik deklaratuko dute, peritu eta testigu gisa.
   Auzipetuek eta haien senideek, hain zuzen, ostiral honetarako, hilak 22, antolatu den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Oiartzungo Ugaldetxo auzotik, Oreretan bukatuz.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario