lunes, 18 de julio de 2011

Oarsoaldeko hiru gaztek uko egin diote gaur Madrilen hasi den epaiketan parte hartzeari

Gaur goizean hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean Oarsoaldeko hamazazpi gazteren aurkako epaiketa. Horietatik hiru Oiartzungo Oihana Mujika, Iker Zabala eta Oreretako Egoitz Urbe ez dira aurkeztu epaiketara. Madrlen epaiketa hasi behar zuen ordu berean Foru Plazan egin dute agerraldia herritar eta talde ugarietako kideen babespean hiru gazte horiek. Mahaian euren ondoan eserita, Eleak mugimenduko bozeramailea, Joxean Agirre; Langaitz Ikastolako zuzendaria, Ritxar Maritxalar; Alaia Martin, bertsolaria;  Andres Fraile, ELA sindikatuko kidea; Zorion Ortigosa, LAB sindikatuko kidea; Mikel Herriondo, EAJko udal batzordeko kidea; Luis Mari Ezeiza, Orereta Ikastolako lehendakaria; Juanjo Arrizabalaga Gasteizko EAko legebiltzarkidea; eta hamarnaka herritar. Josean Agirrek hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko Eleak mugimenduaren izenean: “ideologi ezberdinetako lagunak elkartu gara hemen gaur, eta horren adibide mahaian eseri garenon hainbat sektore eta taldetako ordezkaritza. Talde zabal honek besarkada eman nahi die gaur auzipetuko dituzten hamazazpi gazte horiei, bai Madrilen daudenei, bai hemen geratzea erabaki duten hiru gazteei Euskal Herria, euskal gazteria libre eta legala behar ditugulako”.

Gazteen absoluzioa eskatu
Juanjo Arrizabalagak hartu du hitza ostean,  agerraldia hasi den une berean “Madrilen beste epaiketa politiko bat hasi dela” eta fiskalak Oarsoaldeko hamazazpi gazteren aurka 6 eta 12 urte arteko zigorrak eskatuko dituela gogorarazi du. Elkartze eskubidea eta ekintza politikarako eskubidea “hutsaren hurrengo” bihurtu dituztela gaineratu du “izan ere gazte hauei Segiko kide izatea leporatzen baitiete, sekula frogatu ez duten akusazioa” azaldu du Arrizabalagak. Eleak eskubide zibilen aldeko mugimenduak, auzipetutako hamazazpi gazteen absoluzioa eskatu du, eta baita Espainiako Auzitegi Nazionalak aurreikusitako gainerako epaiketa politikoak bertan behera  uzteko ere. Horrekin batera, Arrizabalagak epaituko dituzten hamazazpi gazteei elkartasuna die eta gaurtik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean dauden hamalau gazteekin, zein ez aurkeztea erabaki duten beste hirurekin elkartasun aktiboa egitera deitu ditu herritarrak. Gaur goizean hamazazpi gazte horiekiko oroimenak eta elkartasunak Foru Plaza bete duela, baita epaiketa aretoa ere adierazi du Arrizabalagak eta “jarduera politikoa kriminalizatzeko  botere judizialaren erabilerak herri harresiarekin” topo egin behar duela gaineratu du: “Bortizkeriarik, inoren aurkako mehatxurik eta inoren jazarpenik gabeko agertokiaren alde hartutako kompromisuaren testuinguruan funtsezkoa da tamaina bereko kompromisuak hartzea. Epaiketak,  jazarpenak, atxiloketak, torturak eta presoak suntsitzeko diseinatutako espetxe politika gainditzeko”. Estatuak indarrean mantentzen duen “legez kanporatze eta errepresio zikloa” behin betiko bukatu behar dela esan du Arrizabalagak  “biztanle guztien eskubide zibilak eta politikoak daudelako jokoan, marko demokratikoa, pake agertokia eta behin betiko askatasuna lortzea hain zuzen ere”. Apustu garrantzitsua egiteko unea dela gaineratu du eta martxan den prozesua atzerazin bihurtu beharra dagoela  elkartasuna eta konpromisuaren bidez.
Amaitzeko, hamazazpi gazteen alde, Euskal gazteria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat lemapean datorren ostiralean 19:00etan ugaldetxoko futbol zelaitik abiatu eta Errenteria-Oreretan amaituko den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak Arrizabalagak.
Oihana Mugika gazte auzipetuak mintzatu da ondoren eta Madrilen epaitzen ari diren kideei animozko hitzak bidali dizkie hasteko. Euren aurkako, defendatzen duten proiektu politikoaren aurkako edo militantzia politikoaren aurkako eraso bat gehiago ez dutela onartuko esan du ondoren: “Euskal Herriko gazte iraultzaile guztiei Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko eta estatuen  erasoei gazte harresi sendo baten bidez erantzuteko deia luzatzen diegu, guztion artean lortuko dugulako”.
auziperatuen bideoa

No hay comentarios:

Publicar un comentario